Zenbatetan izan duzu ez duzun hori behar izatearen sentsazioa? Zenbatetan ibili zara gelditu gabe bueltaka eta bueltaka falta zaizun horren bila? Gizakion betiko asebete ezina, gure bizia bete-betea soilik BALDIN ETA… izango denaren uste hori.
Gaur egun bilatze hori etengabea eta nekaezina da, merezi duen tokira iritsi izanaren sentsazioa ez dugu inoiz lortzen, eta bueltaka jarraitzen dugu. Uste dugu gauza zehatz bat lortzearekin gure bizitza betirako konponduko dela, baina jakin badakigu ez dela horrela gertatzen. Bizitza ez delako inoiz guztiz “konponduko”; beti bidean gaudelako.
BUELTAXKAk ikuslea gelditzera behartuko du, bueltak emateari utzi eta bilaketa etetea behartuz. Hor kanpoan besterik ez dagoela gogoraraziko digu, dena hau dela, baina baita honek merezi duela ere.
Lanak bi lagunen -Jaiotz Osa eta Rafke Van Houplines- istorioa kontatuko du, helburuak lortzeko ezinegonak ezertan laguntzen ez digula konturatuko diren bi lagunen istorioa. Elkar egotearen plazera topatzea lortuko dute, elkar aurrera eginez eta asebetetze ezin hori albo batera utzita porrota sufrituko ez dutela ikasiko dutelako.
BUELTAXKAk bidea txalotzen du, orainera gonbidatzen gaitu.
BUELTAXKA laguntasunaren goraipamena da.
Dantza Hirian jaialdiak sustatzen duen Aterpean laguntzari esker sortu den 15 minutuko lan hau 2022ko irailean Biarritzeko Maitaldian eta Hondarribiako Dantza Hirian jaialdian estreinatu zen.